Ongi etorri bilbohiria.com

1

HiriaIrratia 2.0 esan dakioke gaur abian jarri dugun esperientziari, irratigintza modu berri baten hastapena guretzat. Webgune berri honek Bilbo Hiria irratiaren zuzeneko seinalea entzuteko aukera emango du, gure emisoraren eta bertako programazioaren gaineko informazioa emateaz gain. Baina bilbohiria.com webgunearen ezaugarririk nabarmenena emititutako irratsaioak kartara entzuteko aukera da. Bilbo Hiriak bere irratsaio guztiak MP3 formatoan eskainiko ditu, nork bere ordenagailura jaisteko edo webgunean bertan entzuteko aukerarekin. Gainera, internautak RSS jarioan harpidetza eginda, bere gustoko saioak automatikoki jaisteko modua du Podcast eran, gerora MP3 entzungailu baten bidez edonon eta edonoiz entzuteko. Halaber, internautek irratsaio bakoitzaren gaineko iruzkinak egiteko eta irratiarekin harremanetan jartzeko aukera dute webgune berriaren bidez:

Bilbo Hiria irratia 1997an hasi zen FMaren 96.0an bere seinalea aireratzen. Zenbat Gara elkarteak sustatua da, Kafe Antzokia, Gabriel Aresti euskaltegia, Algara konpartsa eta Bilbon euskararen inguruan egin ohi diren zenbait kultura ekimenen moduan. Iragan udagoienaz gero, Bilbo Hiria teknologia eta azpiegitura eraberritze prozesu batean dago eta horrek ahalbidetu ditu, besteak beste, irratiaren webgunea, zuzeneko emisio telematikoa eta kartarakoa.

Halaber, irratiak bere programazioa eraberritu eta osatu du azkenaldion. Goizeroko albisteak, elkarrizketak eta gaurkotasuneko gaiak jorratzen dituen “Ibaizabal” magazinaz gain, arratsaldeetako programazioak era guztietako saioak jasotzen ditu egun, hala nola, “Eremuz kanpo” (zinea) “irratia.com” (teknologia berriak), “Jakin Nahia” (zientzia), “Potto” (bertsolaritza), “Kiroldegia” (kirolak), “Piperpolis” (gazteria eta sorkuntza) edo “Artekaleko Kriseilua” (artea).

Musikak ere badu bere tokia, kalitatea eta aniztasuna irizpide, eta adituen ahotsek gidatuta. Hala nola, Pedro Elias Igartuak aurkeztutako “Soinugela”, XX. mendeko musikak agertzen dizkiguna; Txuma Murugarrenek aurkeztutako “Musibla” (pop-rock musika), Mikel Urbeltzen “Baskistan” (munduko musika etnikoak), Gorka Gondraren “Bigarren Lerroan” (jazz), Egoitz Goikoetxearen “Kingston Hiria” (reggae), Anartz Bilbaoren “Gaubasa” (punk-rock) edo Ainhoa Markinezen “Zutargi Artean” (musika klasikoa).

Azken finean, Bilbo Hiria irrati euskalduna eta, era berean, hiri giroko irrati modernoa da. Euskal Hiriko irratia da, kultura eta gizarte gaiak jorratuz, kalitatezko edukiak aurkeztuz euskara eta hiria bateraezintzat aurkezten dituzten topikoak deuseztu nahi dituena. Egun milaka euskaldun bizi gara gune urbanoetan eta Bilbo Hiriak euskal metropoliaren izaera euskalduna aldarrikatzen du.

Bilbohiria.com webgune berriari esker, Bilbo Hiriaren seinalea ez da jada Bilbo ingurura mugatzen, planetaren edozein bazterretik, edozein ordutan, zuzenean zein diferituan entzun daiteke orain.

One thought on “Ongi etorri bilbohiria.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Eremuz kanpo 1x17: Legez kanpo

og. Mar 2 , 2006
Kriminalak eta zinema edo zinema eta kriminalak. Bonnie eta Clyde, Henry, Pickpocket, Natural Born Killers, Good Night and Good Luck, eta beste. Aspaldiko partez saioaren atal finkoei ekingo diegu berriro. Mirande eta Kafka ere gonbidatu bezala etorriko dira, saioan parte hartzera. Eremuz kanpo-ren 17. saioa deskargatzeko klikatu HEMEN.

Honekin lotuak