bilbohiria.eus abian

Gaurtik aurrera bilbohiria.eus izango da Bilbo Hiria irratiaren webgunea, orain arteko bilbohiria.com-en ordez. Bilboko euskal irratia berriki aurkeztutako euskal komunitatearen .eus domeinuaren aitzindarien programan ari da esku hartzen, baina aldaketa ez da domeinu-izen berrira mugatzen, ezaugarri berriak dituen webgune eraberrituarekin egin baitu Bilbo Hiriak .eus domeinurako jauzia.

Webgune berriak azalean bertan informazio gehiago era txukunagoan ikustea ahalbidetzen duen egunkari edo magazine itxura du eta smartphone eta tablet-etan ondo ikusteko egokitzen den diseinu moldagarria dauka. Bilbo Hiriaren Facebook eta Twitter sare sozialen integrazio hobea egiten du webgune berriak, baita edukiak partekatzeko erraztasunak eskaini ere. Azken berriez gain, eduki nabarmenduak eta bideoak eskaintzen ditu bilbohiria.eus-ek.

Asteko programazioa edo parrilla Google Calendar formatuan eskaintzen du webgune berriak. Hortaz, gustoko ditugun saioak aukeratu eta gure egutegietara gehituz gero, zuzenean noiz emango diren abisatuko digu gure telefonoak. Gerora entzun hahi izanez gero ere, podcast-a  publikatzen denean abisua automatikoki jasotzeko aukera izango dugu, Googleren Feedburner zerbitzuaren bidez harpidetza eginez gero.

Zenbat Gara elkarteak sortua, Bilbo Hiriak 1997an hasi zituen emisioak FMaren 96.0 dialean. Bilbo Handirako euskara hutsez emititzen duen irrati bakarra da eta Bilboaldeko dialean sintonizatu daitezkeen euskarazko emisora bakanetakoa dugu, EAEko irrati publikoarekin eta Bizkaiko Bizkaia irratiarekin batera. 2006an eman zuen saltoa sarera bilbohiria.com webguneak, Interneten zuzeneko emisioaz gain iragandako saioen bilduma podcast eran eskainiz. Ordutik hona sarera igotako irratsaio guztiak daude nahierara entzungai Bilbo Hiriaren webgunean, dagoeneko 4298 audio fitxategi dira guztira, gaika sailkatuta, bertan aurki daitezkeenak.

Aurrerapen franko egin ditu Bilbo Hiria irratiak amaitzen ari den 2013-2014 denboraldian, barne antolaketa eta programazioa sendotzeaz gain, beste komunikazio ekimen zenbaitetan parte hartuz bere eragin esparruak zabaldu baititu. Alde batetik, Arrosa sarean esku hartzen hasi da, bertako saio batzuk Bilbo Hiriaren programazioan txertatuz eta bereak hainbat euskal irratitan hedatuz. Bestetik, aurtengo otsailean abian jarritako Uriola informazio atarian parte hartzen du Bilbo Hiriak, Bilboko euskaldunon sareko topagunean, Prest eta Berton aldizkariekin batera.

Hainbat irratsaio berri sortu dira azkenaldion Bilbo Hirian: Gaur ez dago eskolarik, Emakumeak nonahi, Gaueko piztiak… Irratsaio batzuk berreskuratu ere egin ditu aurtengo denboraldian: bertsolaritza hizpide duen Potto edo zineaz jarduten duen Eremuz kanpo kasu.

Webgune berriaz gain, uda honetako beste mugarri bat izango dugu Aste Nagusirako prestatzen ari garen programazio berezia, egunez egun egingo baitugu aste osoaren jarraipena jai-eremutik bertatik. Irailetik aurrera, berriz, irratsaio berriak gehituko ditugu gure programazioan. Informazio gehiago laster www.bilbohiria.eus helbidean, noski!

2 thoughts on “bilbohiria.eus abian

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Kafe Antzokiaren Aste Nagusiko egitaraua hizpide #astenagusia

al. Abu 11 , 2014
Bilboko Aste Nagusian zabalik egongo da Kafe Antzokia eta, azken urteotan bezala, kontzertuen egitarau oparoa prestatu du, jaietako musika eskaintza osatzeko. Kontzertuak izango dira aipagarrienak, eta horretaz mintzatu gara bertako programazio arloko Mikel Urbeltzekin, baina horiez gain jatetxea zabalik egongo da (aste osoan eguneko menuak eta Aste Nagusiko menu bereziak […]

Honekin lotuak