IBAIZABAL: Mieltxo Monfort gogoan, saio berezia egin dugu

Mieltxo Monfort gogoratu eta hobeto ezagutu dugu gaurko saio berezian. Izan ere, testigantza zenbaiten bidez iragan ostegunean utzi gintuen lagunaren soslaia marrazten saiatu gara, bere dimentsio osoan eta ñabardura guztiekin osatu ezin izango genukeen arren.

Mieltxo gaztea Bilbora heldu zen garaian abiatu dugu gure profil saiakera hau. Laura Mintegik gogoratu du Txu Txua aldizkarian laguntza handia eman ziela berari eta Joanes Urkixo lagunari. Azken honekin Izorratu fanzinea ere egin zuen Mieltxok, Bilboko Gaztetxea erdigune zuen argitalpen punk xamarra.

Bilboko gaztetxean helduenetakoa zela gogoratu digute Patxik eta Gurendek, eta Mieltxok auzotarrekin gatazkak bideratzeko zuen jarrera nabarmendu dute. Auzoarengatiko kezka horrek bultzatuta sartu zen Bihotzean auzo elkartean eta bertan lan handia egin zuen, uholdeen biharamunean hasi eta uholdeen ondoren zazpi kaleak berreraikitzeko, oinezkoentzat bihurtzeko eta bertan bizitzeari duintasuna emateko.

Parranda handiak gogoratu ditu bere lagun Karmelok, militantzia politikoan bat egin zutela baina bikote heterodoxoa osatzen zutela kontatu digu, konpromisoa urte horietako punk jarrerarekin eta hedonismo puntu batekin uztartuta. LKI alderdiko garaiak gogoratu ditu Karmelok, Mieltxo bere bizilagun, bidelagun eta maisu handia izan zela nabarmenduta.

Iñaki Barcenak ere berarekin topo egin zuen gazte denborako militantzia horretan, Mieltxok medikuntza ikasketak hasi, utzi eta kazetaritzara igarotzea deliberatu zuen garaian, eta ekologismoagatiko bere kezka nabarmendu digu. Patxik eta Karmelok bezala, Mikel Alberdik ere Mieltxo bidaiaria ekarri digu gogora, bidaietan jakintza, harremanak eta elkartasuna bilatzen zituena.

Guztien artean marraztu digute Mieltxo langilea, maisua, esataria, kazetaria, ahots apal eta samurrekoa, gustu eta forma finetakoa, bizizalea, bidaiazalea, argazkizalea, feminista, naturazalea, heterodoxoa, arrazionala, punka, beti gaztea, erretxina, adeitsua, kezkatua…

Estudioan Isa, Pedro eta Jabi izan gara mikrofonoetan, Josu eta Ibon audio edizioan, eta entzun ditugun testigantzetan lehenak lagun esatarienak izan dira: Zebrabideko Nekane Zinkunegi, Hala Bediko Jon Sanchez, Arrosa sareko Jon Aranburu. Infozazpi irratian kolaboratzen zuen ostegunero; horregatik, bertako Kale Gorrian saioko Eider Olazar eta Jon Mikel Fernandezek ere izan dute gogoan gure Mieltxo. Asko kostatu zaigu gaurko saioa egitea, oraindik bere galera barneratu gabe gaudelako; hortaz, ondo esanak onartu eta txarto esanak barkatu, arren.

Bilbo Hiria irratia egiten dugun guztion partez, besarkada erraldoia, Mieltxo, eskerrik asko eman diguzun guztiagatik.

 

Deskargatu hemen.

3 thoughts on “IBAIZABAL: Mieltxo Monfort gogoan, saio berezia egin dugu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

HIZPIDEA: Aniztasunaren tratamendua hedabideetan

az. Mar 2 , 2016
Atzo bertan aurkeztu zuten CEAR Euskadik eta beste zenbait erakundek aniztasunaren tratamentua lantzeko garaian kazetariek eta hedabideek izan beharko luketen ardurari buruzko kanpaina, xenofobia, zurrumurruak eta mezu arrazistak ez zabaldu eta gaion trataeraren kontzientzia hartze aldera. Horren berri emateko, SOS Arrrazakeria Gipuzkoako kide den Anaize Agirre Larreta izan dugu gurekin […]

Honekin lotuak